Aurten ere atmosferaren, klimaren, geure buruaren eta hezetasunaren kontra ibili gara tomateak jateko. Ez dakit zenbat botika eta metodo aldatu ditugun, baina lortu ditugu tomateak: onak, gainera. Ikastaro guztietan entzun izan dut gauza bera: Ameriketatik etorri zenetik bost mende pasatu badira ere, tomatea ez da gure klimara egokitu. Eta, hala ere, nahi dugu, gustatu egiten zaigu, maite dugu. Azoketako produktu salduenetakoa da udaro. Betikotik harago, gogorrena izateko sortu zuten barietatetik harago, bertoko tomateak eskatzen ditu gero eta jende gehiagok. Pozik jaten dut tomatea, pozik zaintzen dut eta pozik saltzen dut, baina kokoteraino nauka. Urtero esaten dut hurrengo urtean ez dudala landatuko, eta gero barietate berriak probatzen ditut ez dakit nork esan didalako, edo ez dakit zein baserriko emakumek gorde dituelako ez dakit zenbat urtetan. Ez daukat zer eginik.
Eta pentsatzen dut gizakiaren burugogortasunak ez duela amaierarik. Tomatea Ameriketan utzi izan bagenu, hemen bertoko gauzatan zentratuko ginen, baina dena nahi dugu. Lehen, tomatea, artoa, patata, piperra... ekarri genituen, eta, orain, liztorrak eta pentatomidaeak etorri zaizkigu. Ekarri genituenek on egin digute, etorri zaizkigunek ez digute karrera onik ekarri. Eta honetan ere, beste gauza guztietan bezala, nahi genuena da egokitzea gehien kostatzen zaiona.