Atzo jende gutxi zebilen azokan. «Jenero askorik ez dago», esan zidan batek. Ez da gezurra, baina egia ere ez. Neguko ortuariek nekatu egiten gaituzte, antza. Zerbak, ziazerbak, porruak, aza, kalabaza, azalorea, txikoria, romaneskua, brokolia, kale, eskarola… eta gogoratzen ez dudan zerbait gehiago izan dugu hilabeteotan. Indabak ere bai duela gutxira arte. Sartu digute buruan udan bakarrik daudela barazki koloretsuak eta neguari muturra okertzen diogu. Orain, trantsizio betean gaudenean, jendeak tomateak nahi ditu, edo kuiatxoa, edo lekak. Esaten digute neguan tristea dela azoka, baina pozik esango nioke jendeari dagoeneko negua joan dela: orain udaberria dela. Eta udaberriak loratu egiten duela neguan jaten genuena, eta orturako garairik zailena hauxe dela. Izan ere, udako barazkientzat goiz da eta negukoentzat berandu. Hori bai: supermerkatuan denetarik dago. Gura duenarentzat azak eta gura duenarentzat tomatea.
Udarako trantsizioa zail egiten da azokan. Elikadura onaren militanteak ez direnak etorri gabe egoten dira ilarra eta baba heldu arte. Jendeari berdin zaio karbono arrastoa. Berdinago pertsonen eta lurraren esplotazioa. Jendeak asteburuetan planak egin nahi ditu, eta kontzientzian kargurik izan gabe egin erosketak. Azokako mahai hutsek, beraz, zerbaiten ispilu lana egiten diote jendearen kontzientziari.