Eztabaida txikia izan dugu oporretako argazkiak lokalizazio eta guzti igo ditudalako sare sozialetara. Ez omen da hakorik egin behar. Ez omen da jendea hara edo hona etortzera bultzatu behar. Ez dakit zenbat jende joan daitekeen leku batera nik sareetan jarritako argazki bategatik, baina lokalizazio guztiak kendu ditut. Lagunek ikusteko igotzen ditudala esplikatu dut hiru aldiz. Benetan gustatzen zaidana etxera natorrenean galde diezadatela da. Horrela, sekulako azalpenak ematen dizkiet egon naizen lekuei buruz. Sare sozialek lana errazten didate.
Bere lagun bati bidali dizkiogu argazkiak gero. Hori sare sozialetan jartzea baino intimoagoa omen. Lagun onekin leku onak konpartitzea ondo dago, baina ezezagun ez hain onekin ez da halakoetan sartu behar antza. Lagunak mezua bidali digu lekua ezagutzen duela esanez, eta postdata erantsi du: «Ez inori eman paradisu horren berri». Ulertzen dut gauzak masifikatzearen arriskua eta lokalizazio gabe amaituko dut Instagrameko oporren albuma. Bakeagatik eta enpatiagatik. Hala ere, ez dakit zer iruditzen zaidan lekuaren berri inori ez emateko zera hori: geurekoikeria, esklusibitate nahia... Turismo inbasiboa etxetik urrun hobea da gertu baino, baina inork ez baligu erreka honetaz hitz egin, gu ere ez ginen hemen egongo. Modu batera edo bestera denok gara turistak behe laino artean.