Onintza Enbeita

Txakurrak

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti izan ditugu txakurrak etxean. Nik ez diet sekula maitasun gehiegizkorik erakutsi, baina gurean estimatuak izan dira. Etxea zaintzeaz gain, arratoien populazioa orekatua izan dadin lagundu digute. Gure aitak izugarri maite du bere lau hankako lagun txikia. Beti pentsatu dut baserrian leku eta funtzio duina dituztela txakurrek. Arrazadunek eta gabeek. Horregatik egiten zait arraro kaleko etxeetan dagoen txakur konkretu batzuenganako afizioa. Pertsona bi justu sartzen diren etxean txahala adinako txakurrak sartzen dituzte, eta katean lotuta paseatzen ikusten ditudanean zer pentsatua ematen didate. Entzuten ditut lagunak arrazen gainean berbetan eta harrituta begiratzen diet. Ez die edozein txakurrek balio.

Orain irakurri dut Urdaibaiko txori migratzaileei traba egiten ei dietela txakurrek. Ez daukat ezer txakurren kontra, baina ez da logikoa hirigune handietan herrietan baino txakur gehiago izatea. Guk txakurra nahi dugu: Karrantzakoa, siberiarra, belgikarra… sartzen ditugu txakurrak gure etxe-kartzeletan eta gero asteburuetan askatzen ditugu denak batera leku berdinetan. Haserretzen gara artzainekin, baserritarrekin eta gure ustez ulertzen ez gaituzten guztiekin. Eta ez gara ohartzen gure desirek zenbateraino izorratzen duten oreka naturala. Ezin dugu nahi dugun guztia izan, eta gutxiago izaki bizidunez ari garela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA