Gaur eskualdeko finala jokatuko dugu. Ez dakit seguru zergatik jarraitzen dugun parte hartzen, baina hor gaude: jendea behar delako, gazteekin kantatzeko aukera izateko, jendea saioetara etortzeko… Ondo pasatzen dut eskualdeko txapelketan, ez dut gezurrik esango, baina galderak sortzen dizkit. Izan ere, lagun arteko zerbait dela saltzen diogu munduari, baina txapelketa nagusia balitz bezala mintzen gara gauzak gaizki ateratzen direnean. Horrek pentsarazten dit hierarkiak handitik txikira hedatzen direla bizitzan. Bizkaiko Txapelketari kritikatzen dizkiogun sineskera eta maniak errepikatzen ditugu eskualdekoan. Sorpresak nahi ditugu, baina betikoek huts egiten badute epaileak kritikatzen ditugu. Jende gazteak parte har dezan nahi dugu, baina guk ere hor jarraitzen dugu. Izen batzuk segurutzat jotzen ditugu finalean eta ez gara gai haien akatsak ikusteko saioetan. Aho handiz esaten dugu litekeena dela guk ere hanka sartzea, baina benetan ez dugu sinisten.
Beti ari gara txapelketaren kontra eta beti parte hartzen dugu. Aldi berean, errazago zait hau guztia eskualdeko txapelketaren finalean argitaratzea, txapelketa nagusirako zerrendan neure burua ikusten dudanean baino. Kontraesanik kontraesan goaz ez dakit noraino. Edozelan ere, gaur Astran ondo pasatuko dugu Lilibertsok azken urteetan egin duen lan potoloari esker.