Gaur hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa; Hazparnen. «Pasatu al dira lau urte azkenengotik?», galdetu diot neure buruari. Abenduaren 20an amaituko da: Iruñean. Neure buruari lehiarako arrazoiak ematen saiatzen naizen aldiro, erraz konbentzitzen dut. Ez da ohiko lehia, edo nik hori sinisten dut behintzat. Tentsioa badu, lehiakortasuna ere bai, minik ez zaio falta, pozak penak gainditzen ditu gehienetan, nahi eta ezinez zein hunkiduraz negar eginarazten digu eta akats bat egiten dugun aldiro estutzen zaio urdaila publikoari. Ez gara plaza normaletan bezain libre egoten. Zaila egiten zaigu epaileak parean diren artean desmelenatzea, baina, hala ere, badu txapelketak zerbait ederra. Eta ez da ederra sufritu egiten delako eta zenbat eta gehiago sufritu edertasuna ederragoa delako. Ez. Txapelketak gauza ederrak ditu sufrimenduaren tamainatik aparte. Sufritzen ez denean ere izugarria da.
Badakit bertsolaritzak asmatu behar duela zerbait txapelketara joan nahi ez duten bertsolariek pizgarriren bat izan dezaten. Badakit behar dugula zerbait hain txikitzailea ez dena, eta zaurgarritasunak beti gorputz berdinetan identifikatzen ez dituena. Zerbait bizigarriagoa. Momentuz, ordea, ez dago holakorik. Gaur txapelketa hasiko da, edo hau irakurtzen duzun orduaren arabera, hasi da. Goazen, bada.