Gaur hasiko da udaberria. Datu zehatzagoek esango dute atzo edo bihar izan zitekeela, baina eskolan ikasi genuen gutxi gorabeherako data gaur da. Zelaiak loratzen hasita daude eta eguna luzatuta dago. Argitasunak aldartea hobetu digu gehienoi. Neguak baditu gauza ederrak, baina argiak bizitza dakar. Landareek argia behar dute existitzeko eta loratzeko, eta guk ere bai. Pozago ikusten ditut lagunak, irribarretsuago. Arnasa zabalago hartzen dudan irudipena daukat nik, eta seguruenetik atzoko gaitasun bera izango dute nire birikek. Udaberriak odola aztoratzen duela esaten du esaera zaharrak, eta hala frogatzen digute bizibide berriek. Terrazak lehertu egingo dira eta kolesterola jaisten ari diren jubilatuek berriro beteko dituzte ohiko pasealekuak. Berriro hartuko diogu zentzua baso batean parrillak izateari edo mendi bidean esertzeko banku bat jartzeari.
Antzina negua eta uda baino ez omen ziren bereizten. Natura lo eta natura esna. Zodiakoa ere orain hasten da. Aries da lehen zeinua. Badu zentzua. Sineskerak aparte utzita, gaur zehazki, baina udaberrian orokorrean, zikloa hasten da. Gu enpeinatuta gaude ziklo naturalei bizkarra ematen, baina egin diezaiogun inguruari kasu: hartu eguzkia, gozatu argia, sortu energia, bildu energia, gorde energia negurako. Ez dira elikagaiak bakarrik lurrak garaiotan emango dizkigunak.