Gu umeak ginenean, gure amaren Simca 1000 zaharra ezagutu egiten zuten Gernikako aguazilek. Orduan ez ziguten esaten «ni ez naiz aguazila», oraingoek esaten diguten moduan. Bai, bai; hala esan zidan batek: «Ni udaltzaina naiz». Arrazoirik ez diot kenduko. Lekutan daude Jon Lopategiri multak jarri ahala kendu egiten zizkioten aguazil haiek oraingo udaltzainak dauden lekutik. Herriak aldatu egin dira, eta haietan bizi garenok ere bai. Hala ere, ez dakit noraino aldatu den udaltzainen eredua gure beharretara. Lehen ez genituen poliziatzat ere hartzen, eta orain hala diote haien ibilgailuek: polizia direla. Eta polizia izateak esan nahi du formakuntza konkretua jaso dutela, eta egiteko modu jakin batzuk ikasi dituztela. Ez dakit. Lasai jarraitu nahi dut udaltzainengana jotzen hirian arazoren bat suertatzen zaidanean, norbait galtzen denean, kartera lapurtzen didatenean, leku bat aurkitu ezin dudanean, kotxeak botata uzten nauenean… eta barruak esaten dit aurrerantzean agian ezingo dugula halako lasaitasunik izan.
Ez dakit Santurtzin gertatu zena argituko den edo ez, baina jazoeren emaitza larria da. Larria den bezala Bilboko udaltzainek manteroekin dituzten seta eta jarrera. Nola eta nork zainduta bizi nahi dugun pentsatu behar genuke guztiok: bai herri bakoitzean agintzen dutenek eta bai herritarrok.