Onintza Enbeita

Umeak

2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagun batek esan zidan norbere umeek min ematen dutela. Ez dakit inor norberetzat har ote daitekeen, baina umeek, norbereak ez direnean ere, min ematen dute. Eta ni igeri ikasten hasi naiz. Bai, begi ertzak zimurrez betetzen hasi zaizkidanean, agur egiten dudanean eskumuturra baino gehiago besoko haragiak mugitzen zaizkidanean, izterren bitarteko haragia harriak uretan egiten dituen bezalako biribilak egiten hasi zaidanean... ikastaro batean eman dut izena igeri ikasteko. Izan ere, gure umea erotu egiten da ura ikusten duenean, eta ez dut izan nahi alboan eserita begira gelditzen den ama. Burua uretan murgiltzen dudan aldiro gogoratzen naiz nire lagunaz eta neure buruari galdetzen diot ea beharrezkoa ote den hau guztia. Agian ez.

Izan ere, burua uretan sartzen dudanean ito egiten naiz. Inoiz baino arrisku txikiagoa daukat itotzeko, baina halako zera bat sartzen zait. Pentsatzen dut gure umeari urarekiko pasioa pasatzen bazaio betiko haserretuko naizela harekin. Egiten ari naizen ahalegina handia baita. Orduan beste lagun batekin akordatzen naiz. Bere grazia horrekin esan zidan behin: «Hemen ibili naiz ni ez dakit zenbat urtean txupeteak ur irakinetan garbitzen, eta zertarako? Gero zortzi lagunek edalontzi beretik edateko!». Gure amamak esaten zuen umeek gurasoak leku txarrean uzteko joera izaten dutela.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.