Onintza Enbeita

Ura

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Begiak telebistan iltzatuta izan ditut asteon Andaluziako irudiei begira. Denboraleak suntsitutakoari so egon naiz, pentsakor. Jendea entzun dut tabernetan, etxean edo auzoan kaleko estolderiaren akatsei buruz hizketan. Hemen ez omen litzateke hainbesterakoa izango. 1983ko Bilbo etorri zait burura: Aste Nagusi bete-betean, abuztuan, ura nonahi. Ez dakit zergatik den hain merkea hitz egitea. Badakit, eta hala da, klimaren araberako eraikuntzak egiten direla hala egitea posible den lekuetan, eta euri gutxi egiten duen eremuetan hoditeria hostoz edo bestelakoz beteta ere egoten dela. Ordea, lagunok, Andaluzian 800 litrotik gora egin ditu metro koadroko. Hala esan dute notiziek. Ez dut uste Euskal Herrian ere hainbesteri eusteko moduko azpiegiturarik dagoenik. Litro horiek guztiak asko dira, asko direnez. Balekoa da ondo egindako azpiegiturez harrotzea, baina horiek ere finituak izan daitezke zenbait egoeraren aurrean.

Prest egon behar dugula esaten digute. Klima aldatzen ari dela. Gero eta gertukoago izango ditugula halako kaos meteorologikoak. Federik gabe ere errezatzeko gogoa ematen du. Ura kalean behera, ura errepidean, ura kiroldegietan, ura parkeetan, ura eskoletan, ura etxeetan, ura edonon. Sua eta ura belaunetik behera behar direla esaten ziguten umetan, baina uste dut belaunetik gora eusteko bolada ere ez dela irudikaezina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA