Nicolas Madurok urte berri onak eman zizkien Ameriketako Estatu Batuetan zain izan zituen polizietako batzuei. Irudiek hori erakutsi ziguten, behintzat. Zur eta lur gelditu nintzen. Egia da edukazioak ez duela ausardia estaltzen, baina ez dut uste beharrezkoa zenik. Hankak eta eskuak lotuta daramaten gizonarengandik ez nuen ez dakit zelako erresistentziarik espero. Are gutxiago, jakinda gizon horrek argi zeukala han zain zeuden poliziak askoz ere zoriontsuago egingo lituzkeela bera hiltzeak epaitzeak baino. Hala ere, Simon Bolivarren ezpata hainbeste altxatzen zuen gizonarengandik ez nuen urte berri onik espero. Ez behintzat bahitu zutenei. Xehetasun txikia da, ez du Trumpi buruz pentsatzen dudana aldatzen. Maduroren urte berriek ez dute hari buruz uste nuena ere aldatzen. Hemen garrantzitsuena da Venezuela herri burujabea dela, eta AEBak ez direla inor hura inbaditu eta bertako baliabide naturalak ustiatzeko.
Edozelan ere, irudi horrek eragin zidan inpaktuaz idatzi nahi nuen. Nire buru gainean galdera ikur erraldoia irakurri nuen. Hemen epika handiz kontatu zizkiguten egin eta desegindako iraultzak. Orduan, pentsatzen dut arazoa gurea izango dela agian. Epika ere deseraiki egin beharko dugu. Galtzaileok gure borrokari zentzua ematea behar dugu zenbait momentutan, eta horretan epikak lagundu egiten du. Besterik gabe.