Gaur igandea da. Bizkaiko txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatuko da Abadiñon. Nafarroako bertsolariak ere lehian ari dira. Urduri gaude bertsolariak udazkena joan eta udazkena etorri. Gaur goizean jendea mezetara joango da. Gero eta jende gutxiago joaten ei da elizara, baina oraindik asko dira Jainkoaren esanari men egiten diotenak. Jende askok ez du ezer egingo egun osoan bihar lanera joan behar duelako. Ez dakit deskantsatzearren etzaten garen igandeetan sofan, ala hurrengo egunean lanera joateak sortzen digun tristeziagatik. Kontua da igandeak ez ditugula aprobetxatzen askotan, astelehenaren zain egoteko egun bihurtu ditugulako. Gaur gizonezkoen lehen mailako futbol partidaren bat edo batzuk jokatuko dira, eta asko beste kategoria batzuetakoak. Bigarren horietaz ez dugu ia ezer jakingo gure inguruko norbaitek ez badu jokatzen. Lehenengoak, nahi ezta ere, ikusi edo entzun egingo ditugu. Jende batek mendira joateko baliatuko du igandea.
Gaur domeka da, zemendiaren bigarrena: urtea ze azkar amaitzen ari den pentsatzeko egun aproposa. Geroko utzi ditugun gauza gehienak egin gabe ditut oraindik, eta hemendik urte amaierara ez daukat denak egiteko astirik. Ruperrek kantatzen digun moduan, ikaran jabilt oin azpiko lur hau. Urte hasieran urruti zeudela pentsatzen nuen gauza guztiak hemen daude, eta non eta zelan egon ez dakit.