Agur, agur, urte zaharra; joan zaitez lotara. Hala kantatzen dugu guk etxean. Gure birraitonak egindako bertsoa da, eta gaur gaueko erritualaren parte da gurean. Kontua da ez dakidala 2025ak lo egiterik lortuko duen. Amets gaizto batean joan dira iraun duen hamabi hilabeteak jende eta herri askorentzat: gerra eta inbasioa eskatu dituen emakume bati eman diote Bakearen Nobel saria, Israelek palestinarrak hiltzen jarraitu du bakerako aukera guztiei barre eta burla eginez, feminizidioak etenik gabe jarraitu du munduko lekurik gehienetan, lehorteak goseteak areagotu ditu, Mediterraneoak gorpuak biltzen jarraitu du… Etxean, euskararen kontrako oldarraldiak indarra hartu du, faxismoak gero eta espazio gehiago hartzen ditu askatasunaren izenean, transfobiak dianaren erdian jarri ditu maite ditugun zenbait aurpegi, etxegabetzeak ez dira eten, energia berdearen izenean gune berdeak itotzen ari dira, enpresak itxi dituzte, Poliziak bereak egin ditu… Lo egin nahi luke 2025ak nekearen nekez, baina ez dauka erraz. Amesgaiztoak izango ditu gure oroitzapenen kutxetan.
Nahikoa lan izango du 2026ak hori dena konpondu eta baretu behar baldin badu. Mafaldaren esaldi hura gogoratu dut gaur itzulpen libre samarrean: «Ez dakit urte berria nolakoa izango den, baina ausarta izan behar du, derrigor, gauzak dauden moduan egonda etortzera animatzeko».