Badago jende bat mundu guztiaren urtebetetze egunarekin gogoratzen dena. Mundu guztiarenarekin. Ez da gogoratu bakarrik egiten direla, gainera: deitu egiten dizute edo mezu bat bidali goizean goizetik. Ez dakit konturatzen diren, baina konpentsatu egiten dute urtero norbere urtebetetzearekin ahazten den jendea. Badirelako halakoak ere: sekula inoren egunarekin gogoratzen ez direnak. Okerrena da haien egunarekin guztiok gogoratzea nahi izaten dutela, eta orduan komeriak. Izan ere, badago jendea gogoratu egiten duena nor ahaztu den bere egunaz, eta horiek ez diote plazerik ematen guztionarekin ahazten direnei. Askoren gaitza ez baita beti kontsolagarri! Badira, eta horiek dira nire faboritoak, beti bezperan edo hurrengo egunean deitzen dizutenak. «Datorren urterako ondo apuntatuko dut», esaten dizute. Badakizu ezetz, eta politena da haiek ere badakitela, baina barre egiten duzu telefonoa eskegitzen duzunean. Badago jendea bere egunean lanera joaten ez dena, eta badago jendea bere egunean ahalik eta jende gutxienarekin elkartzen ahalegintzen dena, eta opariekin sekula asmatzen ez duena, eta beti nahi zenuen hori oparitzen dizuna, eta mundu guztia gonbidatzen duena, eta halakorik egiten ez duena.
Eta horrek guztiak guk uste baino gehiago esaten du gutako bakoitzaz. Ez baita urtebetetzea bakarrik gogoratzen eta ahazten duguna.