Onintza Enbeita

Urtemugak

2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur gure aitaren eta haren anaia zaharrenaren eguna da. Egun berean jaio ziren biak, baina hamar urteren aldearekin. Gure aitaren nortasun agiriak, ostera, ez dio hori. Paper ofizialek azaroaren 11 batean jaio zela kontatzen dute, baina berak beti ospatu du bere eguna anaiarekin batera. Aitaitak eta amamak kontatzen zutenez, ahaztu egin zitzaien erregistrora joatea. Jubilatu zenean arazoak izan zituen jaioteguna egiaztatzeko, eta ia hogei egun gehiago egin behar izan zituen lanean. Jaiotza agiri ofizialaren arabera, urriaren 24an bete gabe zeukan oraindik ordainpeko lanari uzteko adina.

Askotan pentsatu dut Balendinek eta Klarak nahita aldatu ziotela eguna aitari. Ez zuten seme-alaba guztien egunak ospatzeko astirik ez gogorik izango, eta batzuk elkartzeak erraztu egingo zien kontua. Ez da pentsakizun logikoa, baina ederra izan daiteke norberak aukeratzea noiz jaio den. Urte guztiko egunak hautatzeko moduan izateak asko konplikatu dezake kontua, ze egun batzuetan ez luke inork jaio nahiko; baina abenduaren 25ean jaio denak Olentzeroren opariak libratzeko lain aurrera edo atzera egitea ez legoke gaizki. Gainera, guk bizi izan dugunaren arabera, umetatik zure eguna hauxe dela esan badizute, gero ez zara pentsatzen jartzen ea egia gurasoek ala paper ofizialek dioten: zuk zure eguna beti esan dizuten egunean ospatzen duzu eta kito.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.