Aspaldi ahaztuta nuen sagarrek zein usain zuten. Urteak ziren ez genuela etxean sagarrondorik, eta agian horregatik hartu nion pozarren mutil lagun ezagutu berriari San Juan sagarren kutxa. Sagarrok autoan sartu eta AP-8an barna abiatu nintzen Muxikara. Halako batean usain ezagun bat etorri zitzaidan sudurpera: atsegina eta gozoa. Sagarren usaina zen. Urteetan hartu gabe neukan sagarren usain hori: benetako sagarrena. Ezin nuen begirik itxi gidatzen nindoalako, baina ez nuen ahalegin handirik egin behar izan memoriaren gurpila abiadura hartzen has zedin. Ahaztuta neuzkan izenak eta momentuak gogoratu nituen: urdinak, Kanpobason familia guztia sagarrak biltzen, bost kantoiak, Balentin, San Pedro sagarrak Aldarren, urtebeteak, Klara, eztitzeak... zientoka aldiz sartuko nintzen fruta dendetara eta sekula ez zitzaidan halakorik gertatu.
Usain hura ez nuen urteetan hartu, baina harrezkero, astelehen goizero egiten dut barre. Kotxera sartu eta baratxuriak, tomateak, letxugak, porruak, tipulak... usaintzen ditudanean «bai!», pentsatzen dut: «gauza onak daramatzagu gaur ere». Formez eta koloreez ez dakigunean, usainek laguntzen digute gauzak onak edo ez hain onak jaten ari garen igartzen. Soroan onduak ala hozkailuan hilabete luzeetan gordeak izan diren. Usaimenak ere laguntzen digu elikatzen edo jaten bakarrik ari garen jakiten.