Ikusi ditugu gizonak botak soinean dituztela nola hil diren, agertokitik egundo jaitsi gabe. Ez dakit, ordea, nolakoa izango den emakume bertsolarion zahartzea. Imajinatu izan dut neure burua bertso afari batean Maialen Lujanbiorekin sofokoei eutsi ezinean bibotetik izerditan, abanikoari ipar hemisferio osoa haizatu beharko balu bezala eragiten. Eta imajinatu izan dut neure burua Uxue Alberdiri belarrira esaten komunera noala doministiku egin dudanean txiza eskapatu zaidalako. Eta imajinatu dut neure burua Miren Amurizari esplikatzen zein zaila den menopausiari eta nerabe bati bizitza berean leku egitea. Eta imajinatu dut neure burua Nerea Ibarzabali barreka azaltzen nola mugitzen zaidan beso guztiko haragia norbaiti agur egiteko eskumuturra mugitzen dudan bakoitzean. Eta imajinatu dut neure burua Aner Peritzek, Aissa Intxaustik eta Haizea Aranak zer zahar ikusten nauten pentsatu eta kezkatuta, gelditzen zaidan denbora gero eta gutxiago delako. Eta hainbeste gauza imajinatuta ere, ez dakit nola zahartuko garen agertokian, nola igoko ditugun eskailerak edozein herriko jaietako agertokietan, eta nola egokituko garen diskurtso berrietara.
Gustatuko litzaidake zaharrak izaten asmatzea. Emakume, gazte, heldu, hetero edo homo izaten asmatu dugun moduan. Era bat bakarra inposatu gabe, makillatu gabe eta disimulatu gabe.