Gure amama dementziak jo zuenean, alzheimerra eta haren senideak ez zeuden sozializatuta, eta gure lagunek ez zuten ulertzen zer zen amamari gertatzen zitzaiona. Zoratuta zegoela esaten ziguten. Gure nerabezaroa amamaren gainbeherarekin batera garatu zen, eta gurasoak ikusi genituen amamari jaten ematen, fardelak aldatzen, besoetan ohera sartzen… Guretzat, gauza naturala zen, ez genion buelta handirik ematen laguntza faltari. Aita baserrira ezkondu zen, eta etxearekin batera erori zitzaion zaintzaren ardura. Lagunak etxera gonbidatzen genituenean, azalpen mordoa ematen genien bazkalorduan amamak mahaian egiten zituenak uler zitzaten, baina uste dut gehienek ez zutela ezer ulertu.
Orain badut lagun bat amaren zaintzan murgilduta dagoena. Alaba bakarra da, eta fisikoki gehiago ezin izan zuenean eraman zuen ama erresidentziara. Ordura arte bere egunerokoaren parte egin zuen. Behin, kuadrillan, Asturiasera joateko plana egin zuten, eta berak ezin zuenez ama bakarrik utzi, lagunekin batera eraman zuen. Harritu egin nintzen, eta bere lagun horien meritua goraipatu nahi izan nion. Laster moztu zizkidan laudorioak: «Ez al ditut, bada, nik euren umeak jasaten?».
Zaintza sistema publikoa behar dugu, denok zainduko gaituena eta zaintzen lagunduko diguna, baina geuk ere zaintza guztiak zilegitasun berarekin onartu behar genituzke.