Onintza Enbeita

Zaratarik ez

2025eko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badago zaratarik gabe bizi eta hiltzen den jendea. Abuztuak Botx eraman du. Nire lehen mitinetako bat Ondarroan ematea tokatu zitzaidan, eta bertso zoragarriak eskaini zizkidan. Askotan pentsatu dut hain txarto egin nuela, ze ni animatzeko beharra sentitu zuela, edo agian, besterik gabe, bere maitasuna erakutsi nahi izan zidan, beste askotan erakutsi zidan bezala. Usansoloko ospitaleko igogailuan topo egin genuen azkenengoz. Ez zeukan berri onik, baina irribarre egin zidan. Berriz ere erakutsi zidan bere maitasuna, eta ez dakit nik asmatu ote nuen nirea berari erakusten, baina kontua da, joan dela. Isil-isilik. Guztioi irribarre egiten zigun gizona falta da. Bat gutxiago izango gara hemendik aurrera Ondarroako bertso saioetan.

Eta horrelaxe eraman du irailak Mirentxu Loiarte: titular handirik gabe. Lehen euskal emakume zinemagilea. Ez da izen baten ondoan gehitzeko meritu makala, baina ez du halako dolu deirik piztu. Ez zuen zortzi abizen euskaldunen inguruko parodia espainolik egin. Zer egingo diogu! Bide eder bat hasi zuen beste guztiontzat ateak zabalduz, eta orain, ate horiek gurutzatu dituzten asko beste gauza batzuetan ari dira. Lanpetuegi bizi gara lan isila egin dutenak gogoratzeko.

Zarata handirik atera gabe joan dira biak, baina hutsuneek min emango digute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.