Onintza Enbeita

Zibererasoak

2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gu ez gara besteak baino hobeak. Irakurri dudanez, .eus domeinuan gora egin dute zibererasoek. Gu ez ginen besteak baino hobeak txosnetan ligatzen saiatzen ginenean, edo lehen atzerritarrak kalean saltzen hasi zirenean, edo amamaren herentzian jasotako etxea alokairuan jarri genuenean, edo aldarrikapenez betetako kamisetak betiko neurrietan bakarrik egiten genituenean, edo gure kausen alde lan egiteko sortu genituen erakundeetan lanean geundenean. Gu ez ginen besteak baino hobeak. Euskaldunak ere izan gara arrazistak, burgesak, matxistak eta zapaltzaileak. Ez guztiok eta ez beti; baina ez dugu kanpoko inor etortzerik behar izan gauza nazkagarriak egiten ikasteko. Bagenekien. Gure DNAn ere badago miseria.

Eta ez dugu Hego Ameriketaraino joan beharrik konkistatzaileen artean dauden abizen euskaldunak bilatzera. Hemen ere, gure ondoan ere, jendeak gauza itsusiak egiten ditu euskaraz. Venezuelaren inbasioa ingelesez eskertzen dutenek ere ederto dakite euskaraz. Pena da, baina gu ez gara besteak baino hobeak. Gure sentitu nahi dugun sareko domeinua ere erabili dute zenbait erasotarako. Gure DNA aldatzeko beste gauza batzuk aldatu beharko ditugu seguruenetik domeinuak baino. Puntuaren ostean datorrena bezain garrantzitsua izango da puntuaren aurretik etxeko lanak ondo egitea. Bai behintzat besteak baino hobeak izan nahi badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA