Faltan hartzen dut galtzea. Etxetik sagarrak erostera atera, eta lagunekin elkartzeak sor ditzakeen amaiera horiek. Nahi nuke marianito bat hartzera jaitsi eta gauerdia ondo pasatuta etxeratu. Gustatuko litzaidake enkarguak egitera joan eta zertara joan naizen ahaztea lagun batekin elkartu naizelako. Zenbat aldiz gogoratzen naizen goizean atera eta «Ez naiz afaltzera pasatuko» mezua bidali izan nuen egun haietaz. Etorriko da berriro horretarako denbora, baina orain ezin dut horrela galdu. Antolatu egin behar ditut galtzeko momentuak, eta horrek ez dauka xarmarik. Dibertimendua eta momentu ederrak bai, baina xarmarik apenas. Orain ondo pentsatzen dut zein bertso saiotan gera naitekeen zerbait hartzen, edo noiz bueltatu nintekeen etxera enkarguak egin gabe. Orain erabaki egin behar dut noiz den momentu ona bilera luze baterako edo noiz egin ahal izango dudan siesta lasai.
Eta, hala ere, agertokira igotzeak susmagarri egiten nau. Gehiago orain, udaran. Izan ere, gure agerraldi guztietan ageri da jendea parrandan, nahiz eta gu lanean egon. Jende gutxiri onartzen zaio besteak mozkorkerian ari diren bitartean egiten duen hori lana dela. Gu ez gara horietako batzuk. Lanean ari garen bitartean txarangek jotzen dute, barraketako musika entzuten da… eta gu hor gaude. Eta hori gara jendearentzat.