Onintza Enbeita

Zuriketa

2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esaten didate ez dutela ulertzen nola gustatzen zaizkidan Gabonak. Kalean bizi den jendearekiko errespetu falta ei da. Hala da. Kontua da gure bizitza osoa dela errespetu falta kalean bizi direnentzat. Behar dugun baino askoz gehiagorekin bizi gara gehienok, eta ez da bakarrik kalean bizi den jendea denon artean mantentzen dugun sistema kapitalistaren porrota dela; urrunago joango bagina konturatuko ginateke gu ondo bizi garelako bizi direla munduko beste leku batzuetan esplotatuta eta gaizki. Ezkerrekoa izanda Gabonetan gozatzea ia bekatu mortala dela kontatu didate aurten. Ados nago neurri handi batean. Kontua da gazteak ginenean ni baino ezkerrerago kokatu zen jende gehienak daukala etxe bat Cadizen edo Errioxan, autokarabana bat, eskiatzera joateko puntako arropa eta diskurtso bat edozer justifikatzen duena. Uste dut argi batzuk jartzea eta urtea amaitu delako xanpain apur bat edatea peccata minuta direla beste gauza batzuen aldean.

Ez dut neure burua zurituko, baina Gabonen kontra hitz egiteko eraiki duzuen diskurtso horrek urte guztian balio behar lizueke; eta liguke, jakina. Kontsumismo basatia ez baita abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra irauten duen zera bat. Kontsumismo basatia eta jendea zapaldu ezean iraungo ez lukeen sistema hau urte guztian daude hemen, eta egunero pentsatu behar genuke horretan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.