Zaila dago bukatzear dagoen urtearen errepasoari pasioa jartzea. Sekula bukatzeko itxurarik ez daukan trantsizio horretan urtebete gehiago joan zaigu nobedade handirik gabe, baina jarrera batzuk finkatu egin dira, aldaketarik ez badago, hurrengo urteetarako.
Urkullu lehendakariak, bozen ondoren sortutako Eusko Legebiltzarraren osaketagatik, geometria aldakorra praktikan jartzea beste biderik edukiko ez zuela sententziatu zutenei igarpena zapuztuz, argitu du akordioak lortzeko lehentasunezko bazkidea: PSE-EE. PP ere bai, ahal denetan. Horiekin, gauza serioak; EH Bildurekin, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza kentzea eskatzea bezalako entretenimenduak. Ez duela PSE-EEk parte hartu nahi Bake Lantaldean? Ez du axola, ez behintzat akordio lerroak hausteko adina.
Akordio lerro lehentasunezko hori estrategikoa den (Ardanza bis) edo beste garai batzuk datozen bitartean denbora irabazteko taktika den, luze baino lehenago argitu beharko da.
Nafarroan, Barcina lehendakaria askok nahi eta espero zuten baino hobeto atera daCANeko dieten auzitik. Itsuski, baina kondenarik gabe. Hauteskundeak aurreratu gabeko asmoari sendo eusten dio, sozialisten «bai baina ez» konplizitatearekin.
Iparraldean, etsitzeko moduko pareta jarri dio Parisek lurralde egituraren eskaera babesten duen gehiengoari. Ez eta ez, behin eta berriro.
Urrutitik, Estrasburgotik, etorri da albiste on nagusia.Parot doktrina legez kanpokoa dela ebatzi, eta 50 preso baino gehiago kaleratzera behartu du Espainiako justizia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak urrats berriak iragarri ditu gaur kaleratu dugun agirian. Dena beharko da, espetxe politika aldarazteko.

Enbaxada bila
Beste urte bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu