Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Bi aldiz

2014ko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urtean bi aldiz aldatzen dugu ordua. Urtean bitan igotzen gara denboraren horman gora, Harold Lloyd aktorea Safety Last film mutuan bezala, mundua —eta munduaren motorra den denbora— kontrolatu nahian, eguzkiaren eguneroko ibilerari ere etekina ateratzen diogulakoan. Urtean bi bider konplitzen dugu, zintzo-zintzo eta desobedientzia zibila praktikatzeko batere aukerarik gabe, ordua aldatzeko liturgia, ordua aldatze soila aski balitz bezala argitasuna kontrolatzeko giltza: egunsentiak gure esanetara argituko duelakoan; ilunabarra gure aginduaren zain balego bezala iluntzen hasteko.

Harold Lloyd gara, kapitalismoak jarritako gero eta horma tzar bertikalagoan gora, etekin materialak lortzea beste helbururik gabe denboraren kontrako lehian. Eta urtean birritan, eguzkia eta denbora engainatu nahiaren itxurakeriak Harold Lloyd bezain penagarri uzten gaitu: eszena gogoangarri hartan bezala, ordulari tzar batetik zintzilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA