Ane Labaka Mayoz.

70.000 euro

2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun
Mariñe Arbeo Astigarraga
Mariñe Arbeo Astigarraga

 

Xabier Letek burua altxatuko balu, bi gizon-emakume trajedun ikusi ahalko lituzke bere irudiaren aurrean zut. Lehena Silvia Txurruka da, BBVA Fundazioko ordezkaria, eta bigarrena, berriz, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Aurrerantzean kantari oiartzuarraren izena izango duen Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Beka aurkezten ari dira bi-biak.

«Helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea da, euskal idazleei aukera emanez urte bat oso-osorik beren literatura proiektuari eskaintzeko».

Lagun batek bidali dit albistea. Nik beste bati birbidali diot segidan. Bi lagunak idazleak dira. 70.000 euro?! Bigarrenez sartu naiz albistea irakurtzera, zenbakiari nahi gabe zeroren bat erantsi ote diodan ziurtatzeko. Bai, bai, 70.000. Pantailari begira geratu naiz, begiak zabal-zabal. Burmuina martxan hasi zait bere kasa, eta kalkulagailura jo dut laguntza eske: 70.000÷12= 5.833,33. 5.800 eurotik gora, hilean. Hilabeterik beteenetan ere —martxoan eta azaroan— ez naiz arrimatu ere egiten kopuru horretara, eta dagoeneko badakit nire bi lagunak ere ezetz. Urte bat, oso-osorik. Biziraupenerako enkargu txiki eta ez hain txiki guztiak alboratu eta proiektu bat eta bakarrari emana, bihotz eta arima. Fantasia.

«Sendotze prozesuan dauden pertsonei zuzenduta dago. Egile bat bere ibilbidea sendotzeko prozesuan dagoela ulertuko da gutxienez eleberri bat argitaratu eta merkaturatu badu».

Eskatzailearen curriculum profilak %40 balioko du hautapen prozesuan, eta aurkeztu beharreko lagina ez da bost orrialdekoa baino. Irabazlearen izena uztailean jakingo da, eta Txurrukak eta Zupiriak beste argazki bat atera nahiko dute haren aldamenean —esan gabe doa ez daukadala ezer eskatzaileen aurka—.

«Lehen mailako Beka honen oinarrian bi erakundeek talentu sortzailea bultzatzeko duten konpromisoa dago. Euskal Herriarekin eta hizkuntzarekin duten konpromisoari ere erantzuten dio. Globalizazioa gero eta handiagoa den testuinguru honetan, hizkuntza minoritario batean kultura sortu eta ekoizteko dauden zailtasunak ezagututa».

Orain denak behar du handi, ikusgarri, makro, «lehen mailako». Pentsa Euskadi Sariari dagozkion 18.000 euroak ere non geratzen diren. Egin zitezkeen diru poltsa txikiagoak, eta idazle eta bestelako sortzaile gehiagori lagundu aldi berean. Baina ez. Bi erakundeek hurrengo lau urteetarako hitzarmena sinatu dute, gerora beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Lanartean elkarteak sortutako Ez gatoz Paristik podcasta buklean entzutera behartu beharko genituzke agian. Sentitzen dut, baina ez daukazue hurrengo lau urteetarako zuribiderik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.