BI TARTE

Autoan

Amaia Iturriotz Etxaniz, Malen Amenabar LarraƱaga
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Autoan gertatu izan zait. Irratia entzuten normalean. Goizean goiz gehienetan. Lanerakoan ia beti. Negarrez hastea. Negar- zotinka derrepente. Arnasestuka bi-hiru minutuz eta listo. Hori zen dena, besterik gabe. Tristura-pultsu bat da bularraldetik kanpora eta gora datorrena kolpez. Sakona den arren, ez da minbera. Sorpresaz harrapatzen banau ere, ez naiz jazo izanaz harritzen. Ez dakit zein den goibelaldi efimero horren muineko arrazoia, baina berdin zait era berean. Ulertu gabe onartzen dut. Nirea dela dakit.

Aspaldian lagun nuen eta gaur egun zein herritako zein etxetan eta norekin lo egiten duen arrastorik ez daukadan batek kontatutakoa gogoratu dut. Gidabaimena atera berri zuen garaia omen zen. Herri txiki batekoa bera, gurasoek utziriko autoan sartzen irudikatzen dut alboko herri koxkorxeago batera joateko asmotan. Berak argi esaten zuen une hura barru-barruan zuela gordeta oroitzapen maiteenen artean. Armairuko jertse gustukoena jantzita hemezortzi urteko neska bat. Begien beheko marra beltzez lodi margotua; begiradaren indarra atzerako ispiluan konprobatzen. Giltza kontaktuan jarri, eskumuturra jiratu eta motorra. Motorra fuerte aditzea hitz-totelka. Bada, justu momentu hori izan omen zen. Segundo batzuk. Zorionaren antzeko zerbait sentitu zuenasabelean, indartsua eta hunkigarria. Ukigarria.

Autoa. Autodeterminazioa nork bere buruari dagozkion erabakiak hartzea da. Autonomia geure kabuz aritzeko dugun askatasun-maila. Gaixotasun autoimmuneetan organismoak bere osagaien kontrako antigorputzak sortzen ditu. Autokritika nork bere buruari egiten diona da.Autobiografia litzateke nik nire bizitzaren historia kontatzea, interesa baleuka. Autoa lau gurpil dauzkan tramankulu bat da. Autopista. Autokrazia. Automatikoa. Autorea. Autoa da neure buruarekin ematen dudan eta existitzen ez den denbora. Auto honek badaki zutaz zer pentsatzen dudan. Gose naizen ala ez. Gustatzen zaidanikaitortzen ez dudan musika gustatzen zaidala. Nondik natorren eta nora noan. Kristalak noiz garbitu nituen azkenekoz. Zein bidetan zehar ibili nintzen galduta. Benetan zerk kezkatzen nauen. Autokarabana. Autoktonoa. Autodidakta. Autopsia.

Ehorztetxe bateko auto beltz batekaurreratu nau. Ni baino azkarrago doa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.