Bertikala podkastaren lehen ataletako batek lodifobia du ardatz. Gaiari buruzkoak aletzen ari direlarik, honakoa galdetzen dio Sarak Laurari: Eta zu, noiz konturatu zinen lodia zinela? Esan egin zidaten, erantzuten du Laurak orduan. Komunikatu egin zitzaizun, azpimarratzen du Sarak irriz. Zazpi-zortzi urte inguru zituela entzun zuen gorda hura aurrenekoz, irakasleren baten aginduz korrika ari zela, eskolan bertan. Hasieran zalantza egin zuen oihua berari zuzendua ote zen ere, eta gelditu egin zen. Inguruko guztiak berari begira barrezka ari zirela baieztatzean bihurtu zitzaizkion susmoak egia. Lodi hitzak egin zuen lodi.
Zer pentsatua eman zidan Laurak kontatu zuenak eta, beste askotan ohi dudan legez, mugikorrean behinola neure buruarekin sortutako taldean apuntatu nuen ohar gisa. Handik hilabete batzuetara, Emaginek antolatutako (Ez)Amatasunak Ikuspegi Feministatik jardunaldiek itzularazi ninduten orduan idatzitakora. Hain zuzen ere, D'embarassos, maternatges i masculinitats izeneko erakusketa abiapuntu hartuta, haurrak ez-bitartasunean hazteko ahaleginaz jardun diren, besteak beste, Gràcia Camps Miró, Maider Beristain eta Leire L. Ziluaga. Bereziki interesgarria suertatu zitzaidan beraien arteko solasaldia, eta asko eskertu nuen ideiarik abstraktuenak izan daitezkeenak egunerokotasuneko praktiketara ekarrarazteko saiakera.
Giro goxoa sortu zuten, eta horretxek ahalbidetu zuen entzuten ari ginenon parte hartzea. Emakume batek duela ez horrenbeste parkean bizitako pasadizoa partekatu nahi izan zuen besteokin. Heldu batek zera galdetu omen zion behin haurdun zegoen beste bati bere aurrean: Zuena zer da, neska ala mutila? Ez dakigu, erantzun omen zuen haurdunak. Irteten denean jakingo duzue, atzera lehengo helduak. Une hartara arte helduen elkarrizketari adi isilik zetzan haurrak hartu omen zuen hitza orduan: Ez, ez dute jaiotzen denean jakingo. Haurrak oraindik ez du hitz egingo, eta nola erantzungo du ba?
Irribarrea marraztu zitzaigun ezpainetan. Parkeko pasartea Lauraren eskolakoarekin lotu nuen nik, ezinbestean. Enegarrenez ondorioztatu ahal izan genuen botereak hitzak darabiltzala, izendatzeaz haratago, mundua nahieran eraikitzeko ere. Eraikitze horretan, kanpotik ezartzen zaizkigu sarri etiketarik pisuenak. Kontrara, baina, ez dakit horren jakitun garen hitzak guk geuk darabiltzagunean izan dezakegun botereaz.
BI TARTE
Hitzak botere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu