BI TARTE

Sakura

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Garrak ederrak dira ez dutelako hurrenkerarik eta sua ederra da hausten duelako dena». Rosaliaren azken diskoa ixten duen baladaren amaierako bi esaldiak dira, eta Hedoi Etxarteri irakurri zenizkion, euskarara ekarrita. Ordurako abestiak egina zuen habia zure erreprodukzio-zerrendan. Ordutik, hilabete baino gehiago daramazu kanta horren barruan bizitzen.

Gereziondoak loretan zeuden Japonian. Hain eder, horren iragankor. Sarean bilatu zenituen argazkiak, eta lore arrosakarak astebete inguru bizirauten duela irakurri zenuen nonbait. Melodiak gatibatu zintuen hasieran. Ahots indartsu hura zuri ari zitzaizun kantuan, zalantzarik gabe; zu baizik ez zeuden antzoki huts ilun batean, fokupean, eta begietara begira. Hitzak aztertzeari ekin zenion gero, eta abesti hura zuretzat idatzia izan zela berretsi ahal izan zenuen. Gutxitan izan duzu sentipen hori. Magikoa izan ohi da gertatzen denean.

Memoria-txatal bat berreskuratu zenuen Saioa Alkaizari Argia aldizkarian egin zioten elkarrizketatik: «Iruditzen zait bertsoa sobera alderatzen dela kirolarekin: ematen du une zehatz batzuetan, batez ere gaztaroan, kolpeak eman behar dituzula, eta ematen ez badituzu, pasatzen zaizula trena. Nik ez dut horretan sinesten. Uste dut bakoitza iristen garela iristen garen tokira ahal dugunean, edo lan egin dugunean. Oso kontent nago heldu naizen tokira orain heldu izanaz, iruditzen zait zentratua nagoela, bertsotarako gogotsu. Beti da sorkuntzarako momentua, edozein pertsonak bizitzaren edozein momentutan sortzen ahal du, eta beti izanen da interesgarria. Hori pentsatzen dut %200ean».

Remedios Zafrarengana itzuli zinen jarraian, lagun batek «zure bizitzari buruz dihardu» esanez aholkatu zizun El entusiasmo saiakerara. «Ikusiak izateko beharrak» dakarren ezegonkortasuna aipatzen du Zafrak, besteak beste. Duela hamarkada batzuetako talde mugatu eta txikietatik urrun, izena eta prestigioa ikusgarritasunean oinarritzen diren garaiotan eskaparatea ezin zabalagoa dela dio. Artista nahiz idazleak «zenbatu» egin zitezkeen lehenago, audientzia posiblea baino askoz gutxiago baitziren.

Ez dago lekurik denontzat. Zer gertatuko da zutaz ahazten direnean? Ikusezintzen zarenean? Zer, dagoeneko neska gazte etiketapean kabidarik ez daukazunean?

Ezinezkoa da betirako izar bat izatea eta distirari eustea. Rosaliak popstar dioen lekuan bertsolari aditzen duzu zuk. Entzun ditzakezu idazle, margolari, aktore... eta beste zenbait ere. Abestiaren beste pasarte bati lotzen zatzaizkio orduan; zuk ere desio duzu laurogei urte dituzunean atzera begiratu eta barre egin ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA