Geroztik, Pariserat joatea amesten zuen haurrak. Ikastolako autobusetik jautsi zelarik ikusi zuenez geroztik bide bazterreko afixa erraldoi hura, ezin zuen burutik ilki harat joateko ideia. Eiffel dorrea protagonizatzen zuen iragarki-taula alimale horrek irentsi egin zituen bere proiektuak oro. Bat eta bakarra bilakatu ziren engoitik: ez zuen Lutezia ohirat joatea baizik amesten. Sinetsi egin zuen afixak zioena: «Izan zaitez honen barnean». Irudimenaren iruditeriaren dimentsio guziak gainditu zituen bere burua irudikatuz postal erraldoi horretako hirian. Bere buruaz gain, etxekoak ere berotzen hasi zen, kiskali ere egin zituen: semea monotemista bilakatu baitzitzaien. Ez zegoen zereginik, Parisek behar zuen izan unibertsoaren helmuga, denen ikusmiran zen, ez zuen duda izpirik. Pasatu ziren egunek, asteek eta hilabeteek ez zuten areagotu baizik egin gaztearen tema. Harik eta, ororen buru, etxekoak trenera igan baitziren harekin.
Helmugako geltokian ikusi zuen lehen gauza izan zen Larhungo trena agertzen zen afixa, idatzirik: «Izan zaitez honen barnean». Ez zuen fitsik entelegatu.