Ama bakarra da. Ebidentzia bat, azalpenik behar ez duen egia bat, halaxe agintzen baitu munduaren ikuskera nagusia mamitzeko sinesmen sorta baino ez den zentzu komunak. Ama bakarra da. Baieztapen bakar horretan oinarritzen dira jendeon patu alderrai hau gutxieneko lasaitasunera ainguratzen duten ziurtasunetako bi: batetik, badakigula nondik gatozen, badugula jatorriaren arrastoa. Bestetik, badugula afektu iturri baldintza gabeko eta betiko bat. Ama bakarra da. Batek daki nork eta noiz esan zuen aurreneko aldiz, noiz eta nola hasi zen ahoz aho gure erraietan txertatzen.
Besterik da, ordea, zentzu komunak agindutako baieztapen horrek zer-nolako zalantzak eragin ote dituen hezur-haragizko hainbeste jenderengan; zenbaten minei ez ote dien normaletik kanpoko izatearen sufrimendua erantsi. Irudika daitezke abandonatutako umeen pairamenak, adopzioko ama-umeen oinazeak, edota haurrak beren buruaren gainetik jartzera derrigortutako amen ezinak.
Eta orain, ugaltze eta biogenetika teknologia berriek maxima hori inoiz baino zalantzagarriago egin dutenean —pentsa nola zatikatzen diren amak: laborategiko ernalketak, obulu txertaketak, alokairuzko sabelak...— indar berria hartu du: ama bakarra da. Emakume definizioaren alde esentzializatzaile eta azpiratzaileena amatasunean oinarritzen delako ote?
BIRA
Ama bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu