Ama-alabak etxeko sukaldean, 50 urteren bueltako emakumea bata, unibertsitatean hasi berri den gaztea bestea. Letxuga orriak garbitzen dihardu amak, mahaia jartzen ari da alaba. «Oprah Winfrey telebistan, ama! Inork gehiago ez dezala me too esan beharrik eduki; hori, hori! Niri ere ukitu izan didate ipurdia... Buah, baboso zikinak! Zeuk ere sartu zenidan beldur apur bat, e, ama? Niri zergatik esaten zenidan kontuz etxeratzeko eta Markeli ez? Itxoin! Nire entsalada aparte jarri, bale, ama?».
Deskubrimendu fasean dago alaba, gurasoen Arrazoia (maiuskuladuna, absolutua) kuestionatu dezakeelako segurantzarekin. Letxuga orriak sikatzen dihardu amak. «Ez dakit nola uzten zenidan Disneyko pelikulak ikusten, ama! Eta orain ere, zergatik galdetzen didazu beti nobi-o-ei buruz? Eta lehengoan zergatik galdetu zenion Oihaneri beren umea neska-ala-mutila izango den, e, ama?».
Urrezko Globoetako garaikurra balitz lez astintzen du alabak koilara parea, letxuga orriak bandejan jartzen ari da ama. «Ai! Ahaztu orduko: tinta mantxa bat egin nuen bakeroetan eta biharko behar nituzke... Garbituko dizkidazu ezta, amatxito? Bueno, esaten ari nintzena, ez dudala ulertzen nola permititzen diozun osabari aitona zaintzeaz paso egitea. Eske, ama, zu zergatik ez zara feminista?». Zeharka begiratu dio alabari, haren entsalada aparteko plater batean jarriaz, eta listua irentsi du.

BIRA
Amatxito
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu