Badut lagun bat itsasertzean paseatzea deserosoa gertatzen zaiona. Izan ere, soslaiz baino ezin dio begiratu itsasoari: parez pare jartzen bada, eta han nonbait ortzemuga zehaztugabe eta lausoa iradokitzen bazaio, korapilo batek ixten dio eztarria, bizkortu egiten zaizkio bihotz taupadak eta izerditu egiten zaizkio eskuak.
Lagun hori joan zen psikologoarengana, eta apeirofobia moduren bat dela agertu zion. Hots, infinituari beldurra, kontrolaezina. Edo beste era batera esanda, ziurgabetasunari izua: bide jakin, zehatz eta seguru bat ez izateari, helduleku eta aterpe ezagunik gabe ibiltzeari. Eta, egia, badaezpada aterkia beti aldean eramaten duten horietakoa da laguna; harreman, lan eta bizimodu segurua izan ditu beti ipar.
Kontua da itsasoaren arazo horrek ez diola traba handirik sortzen: barnealdean bizi da, eta kostaldera hurbildu beharrean gertatzen denean, ondo ikasi eta kontrolatuta dauka itsasora soslaiz baino ez begiratzeko keinua.
Azken boladan, ordea, etxetik atera eta orduko, itsasotik urrun, ixten dio eztarria korapiloak, eta kolkotik atera beharrean jartzen zaio bihotza, eta izerdiak blaitzen dio gorputza. Apeirofobia modu bat esan dio berriro psikologoak, ziurgabetasunari izua. Egun, den-dena dela ortzemuga zehaztugabe eta lauso bat.

Bira
Apeirofobia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu