
BIRA
Arnasgune bat
Lagun baten mezua igande goizean: «denak jarri ditu finala ikusten». Sei urteko alabaren argazkia jarraian: umea lurrean eserita telebistari begira, pottoki bat, pelutxezko hartz bi eta hiru panpina alboan zituela. Zuzen-zuzenean iritsi zitzaion Barakaldon gertatua: zelan bertsolariek kantuan ziharduten bitartean entzuleok isil-isilik egon ginen eta, alderantziz, haiek isiltzen zirenean zelan lehertzen ginen gu. Hautemango zuen, beharbada, bertan bildu ginen gehien-gehienok arnasari elkarrekin, espazio berean, eutsi eta elkarrekin, une berean, jaregiten geniola ere. Horixe izan baitzen BEC-a, arnasgune konpartitu bat; leku bat egunerokoan erdi bakarrik dardarazten gaituzten berriak kolektiboan iragaztekoa: Bilboko portuan abiatzen diren gerrak eta Europako hiriburuetan amaitzen diren atentatuak, Paristik itzulitako trenak eta Bruselara joaniko autobusak, erdaraz mintzo diren euskaldunen kontraesanak eta andrazkoen gorputzekin salerosketan diharduten trafikatzaileen kontra esan bakoak. Horiek denak eta beste asko iritsi zitzaizkion gure lagunaren alabari, Xebastian Maialenengana hurreratzen ikusi zuenean egongelan salto-saltoka aritu zenari. Eta haren «txapel hau gerokoentzat» ez zuen beretzakotzat hartuko ziurrenik, baina igandean, egun osoan zehar, telebistara pega-pega eginda eduki zuen magnetismo hark zabaldu araziko dizkio bide berri batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu