Nerabezaroko udetan orduak eta orduak pasatu genituen kaleko bankuetan eserita, batzuk ipurdia bizkarra bermatzeko oholean jarrita —gallineroa esaten genion geure jerga txikian, eta transgresorea iruditzen zitzaigun— eta besteak jarlekuan, gallinero-koen hanka tarteetan. Txanponak urri ibiltzen ziren gure poltsikoetan, eta adiskide guztien artean erositako pipa zorroa izaten genuen lagun. Pasatzen zirenei begira, geure gorabeheretan murgilduta, txiste txarrekin barrez lehertzen, eztabaida gorietan sututa, begirada lotsatietan ispilatutako maiteminekin sufritzen, desira trabatuak adierazi ezinda, telebistari ikasi eta guretzako ezinezkoak ziren kruzero, hondartza eta bidaia disdiratsuekin amesten... Horrela pasatzen genuen denbora, alegia, ezer egin gabe. Aspertzen ginen? Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Baina aspertzea ez zen guretzat letra larriz idazten zen arazo bat; are eta gutxiago gure gurasoentzat.
Oso bestela ibiltzen gara orain, ordea. Uda iritsi orduko gure seme-alaben denbora betetzen: astialdiko talde, ikastaro, kirol hobekuntzarako entrenamendu... Izan dezatela egitekorik, ez dezatela denbora gal, eta, batik bat, ez daitezela aspertu. Asperdura bizitzea eta eraldatzea bizitzako ikasketa handietako bat ez balitz bezala.

Bira
Asperdura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu