Miren Amuriza.
BIRA

Aupa Maurizia!

2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zeberioko Egia baserrian, 1904ko irailaren 22an. Madalena Zabalak, Frantzisko Aldeiturriagaren andreak, alabatxoa erditu zuen: Maurizia. Koskortu zenean panderoa jotzen irakatsi zion osaba Kalistok. Gazte-gazterik bidali zuten neskame, Basurtora, eta handik bueltan Ugaoko lantegi batera behargin. Orduantxe ezagutu zuen Benantzio Bernaola Karakol soinularia, harrezkero kantu kide eta senar izango zuena. Gerra hasi zenean preso eraman zuten ordea, eta Mauriziak Santanderrera alde egin behar izan zuen semearekin. Frankismo garai erdi-isilpekoen ostean, oihartzun handia hartu zuen zeberiotarraren kantakera basatiak, Leonen alboka, Basilio eta Fasioren trikitiak lagun.

Demagun gurdi gainean itzultzen dela bere urteurrenean eta soinulari bila hasten. Tapiagana joan eta ai! Ze pena, gitarrarekin ei dabil orain. Kepa Junkeragana gero. Joño! Han bera zazpi neskak inguratuta; ni pandero jolea naiz, ez korista! Xabi Solano hirugarrena; Esne Beltza? Gaurko gazteek bai imajinazioa! Oholtzan morroi bat saltoka, beste bat kamiseta gabe, beste bat... Uf, lartxo! Laugarrenaren bila doala, ene! Ahots pikaro bat: «Saiatu arren ez dut gogoratzen, zenbat eskuk ukitu ote nauten...». Nik badakit antzeko kopla bat, dio Mauriziak: «Abadino San Blasetan, neska zaharrak bentanetan; mutil zaharrak egainetan...». Eta fandango bat eskatu dio Ines Osinagari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.