Onintza Enbeita
BIRA

Azokak

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asteroko azoketan barazkia saltzen da, han ikusitakoa beste bide batzuetatik eskatu ohi digu jendeak azokarik gabeko egunetan. Azokak beharrezkoak dira, hala ere. Jendeak ikusi egiten du zer dagoen. Norbere konfiantzazko saltzaileak ez daukana beste norbaitek izan dezake, eta guztiontzat da hori ona: ekoizleentzat eta bezeroentzat. Baserritarrak ez dira elkarren konpetentzia. Gure konpetentzia supermerkatu handiak dira: konpetentzia ekonomikoa eta emozionala.

Azkenaldian, baina, irudipena daukat handikeriaz egiten diren zenbait azoka ere konpetentzia direla. Urtean behin egiten dira azokak, adibidez: postuak Gabonetarako baino gehiago apaintzen dira. Asko, baserritar jantzita joaten dira saltzera. Gero, egunerokotasunean, ezin dugu horrela joan azokara, eta gainera, ez dugu nahi. Nik nahi dut jendeak errealitatea ikustea azokara doanean: hamar aza dotorerekin batera, barraskiloek gogor eraso diotena ere saldu egin nahi dut. Ez prezio berean, jakina; baina hori ere gure lanaren parte da. Eta hurbilago daude harriak jo dituen tomateetatik, dirdira ateratzen zaien intxaurretatik baino. Eta nekatuta ere banago. Erakusleiho izan behar dute azokek, baina errealitatearen erakusleiho: ezin da lehortea egon den urte batean eta hurrengoan jenero kopuru bera egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.