Arrainak uretan bezala pasatu dugu uda, hara-honaka, buztan ikara batez norabidea aldatzen saiatuz eta eguzkiak erre abarretan txioka. Txitxarrari ere amaitu zitzaion kantatzeko denbora. Lerroan sartu behar dugu, azken egun hauetako eurite etengabeek gristu lerroetan hain zuzen ere. Baina, irakurle, hemen gaude berriz, jira eta bira, zuen kafe-orduko burumuinak harrotzen. Bidenabar, ongi etorri eta agurra Oihana Aranari... «zoro haboro eta bero da oro», erran zaharrak dioen moduan!
Batzuek mundua kurritu dute: lagun batek, adibidez, postal bat igorri dit Polinesiatik, itsas berdekarak, uharte itoak eta koloreak galtzen ari diren koral-hesiak. Argazki soil batean lurraren dolore-mina nabaritzen nuen, uhin-maila goratzen eta, gutariko askok ukatzen duten aldaketa klimatikoaren eraginez, jendeak kiskaltzen. Besteak etxean bertan egon dira, lanean edo oporretan, sukaldetik sobera urrundu gabe: dagoeneko, zenbakiek erakusten dutenez, Frantzian demagun, herritarren %40 ez doa bakantzetara. Haur askok ez dute nehoiz itsasoa ikusi. Irailak beraz, ezberdintasun soziologiko horiek denak berdintzen ditu.
Sartze on!