Onintza Enbeita
BIRA

Beti

2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Batzuetan iruditzen zaigu gauzak beti izan direla guk ezagutu ditugun modukoak. Boto eskubidea, greba eskubidea, gure hizkuntzan komunikatzeko debeku zuzenik eza, homosexualitatea gaixotasuntzat ez hartzea, umeek ume izateko eskubidea, sakramentu erlijiosoak derrigor ez bete behar izatea... Guretzat horrela izan diren gauzak ez dira beti horrela izan, ordea. Ez dugu oso atzera joan behar debekuak aurkitzeko. Gure gurasoen belaunaldiak bizitza erdi klandestinoa izan zuen izateari eutsi ahal izateko, ikastolak sortu zituen, egunkariak… Gure gurasoen eta gure bitarteko belaunaldiak panorama kulturala lehertu egin zuen, eta haiek normalizatu zituzten guretzat normalak diren gauzak.

Gauzak ez dira beti izan guk ezagutu ditugun modukoak, eta gauzek ez dute inertziaz aurrera egiten. Guk bultzatzen edo eusten ez diogunak atzera egin dezake. Euskararen egoera da adibidea. Baikorra izateko egitateen faltan ikusten dut nola bizi diren gazte asko gaztelaniaz; baita euskaraz bizi direla uste duten zenbait ere. Gustatzen ez zitzaizkigun gauzak ere euskaldundu ordez, haien egokitasunaren gaineko eztabaidetan galdu zen belaunaldia da gurea. Espabilatzen ez bagara, hurrengo belaunaldientzat beti horrela izan diren gauzak katastrofikoak izango dira euskararentzat: beti izango baitira erdaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.