Gustatu egiten zaigu beste leku batzuetako gauzak izatea: argazkiak, imanak, zeramikazko gauzak, botilak irekitzekoak... Neuri ere ekarri dizkidate eta neuk ere ekarri ditut. Eta argazkiak egin ditut leku esanguratsuetan gero jendeari erakusteko. Zer esanik ez orain, sare sozialen garaian. Turistez lepo dauden kaleetan gabiltzanean ere, saiatu egiten gara xehetasun txikiren bat aurkitzen kale bat atzerago edo eskailera bat gorago. Gustatu egiten zaigu inork atera ez duen argazki hori igotzea sarera. Kontua da, turismoa hain hedatua dagoen aro honetan, zaila dela inork inmortalizatu ez duen zerbait inmortalizatzea edo inork erosi ez duen oroigarria erostea. Bilboko aireportuan zezenak eta faralaz jantzitako emakumeen irudiak ikusten ditudanean pentsatzen dut ea turista hain erraz engainatu daitekeen espeziea den. Gero, arnasa hartu eta neuk erosi izan ditudan gauzetan jartzen dut arreta, eta herrialde bateko iparraldean, hegoaldean zein zentroan kokatuko ez nituzkeen gauzak ditut. Pentsatzen dut neu ere engainatuko nindutela hor zehar ibili naizenean, eta, konturatu ez banaiz, merezia izan dudala esaten diot neure buruari.
Garai batean gutxi batzuen pribilegioa zenbidaiatzea, eta orain kontsumitzen jarraitzeko bide dela iruditzen zait askotan.

BIRA
Bidaiatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu