Miren Amuriza.
BIRA

Bihotzerrea

2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bada sentsazio bat hondartzatik uretara oinez murgiltzean sentitzen dena; baldartasun puntu hori, pausoak astunarazten dituena. Nago antzeko zerbait sentituko dutela ikasleek asteon, eskolako martxara, eta euskararenera, bueltatzean. Izango dira oporretan erdara hutsean bizi izan direnak, gelara itzuli eta euskaraz hitz egingo ez dutenak, batik bat, gura ez dutelako, baina baita gai ez direlako ere. Ordea, badira arazoa erdararekin dutenak ere: kontatu berri dit lagun batek egundoko bihotzerrea egiten zaiola alabak euskaraz aritzeko erraztasunik ez duela ikusita, etxean hala hazi bada ere, lagunarte erdalduna baitu; baina hara non, aurten lanbide heziketan hasi den eta zailtasun itzelak dauzkan gazteleraz idazteko. Alegia, badela gurean ikasle kopuru kontsiderable bat, trakets dabilena euskaraz berbetan eta trakets gazteleraz idazten (atera kontuak euskaraz zelan idatziko duten!). Agian irakurriko dute hau Hezkuntza Saileko funtzionarioren batzuek eta esango dute ez dela hainbesterako. Ez dela hainbesterako? Gaztetxoek ez dakite ez euskaraz berbetan, ez gazteleraz idazten... Baina ingelesez kantatzen dakite, esango lukete funtzionariook. Agian, zelako euskaldunak hezten ari diren pentsatzeak hainbeste motibatzen ez dituenez gero, zelako komunikatzaileak hezten ari diren pentsatu beharko lukete Heziberri plana garbira pasatzen diharduten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.