Hiztegiaren arabera «bere buruarengan, ondasunetan edo eskubideetan ekintza edo ondorio kaltegarriak jasaten dituen pertsona» da. Komunikabideetan gehien errepikatzen den berbetariko bat izango da berau; hondamendi naturalei, istripuei, biolentzia matxistari edota gatazka politikoei lotua.
Bada jende modu bat, testuinguruotatik urrun egonik ere, tximistorratz konplexua duena; oinaztu guztiek bera (soilik bera) jotzen dutela sentitzen duena, zeruak, lurrak eta inguruko enparauak bere kontra konspiratzen ari direla sinetsita. Jende modu hori beldurrez mugitzen da, pinu artean ehiztaria usaindu duen orkatza lez, ingurukoekiko (eta bere buruarekiko) konfiantza gabe. Asko dakien bati entzun nion biktima sentitzeari utzi eta kontrola berreskuratzeko, pentsamendu ezkorrak desaktibatu behar direla eta eraikitzaileagoei bide eman; nork bere egoeraren ardura hartu eta hobetzekorik ikusiz gero, jarrera aktiboarekin erantzun.
Gomendagarria tximistorratz konplexudunentzat Sarek antolatuta Gasteizen egin berri den mahai-inguruari buruzkoak irakurtzea; Rodero, Buesa, Ruiz Azua eta Galdeanoren egokerari erreparatzea. Bai baita beste jende modu bat, biktima izanik ere, biktimismoan jausi barik aritzeko gai izatera ailegatu dena eta «bizikidetza» ponentzietan ondo geratzen den izenburu bat baino zerbait gehiago izan daitekeela gogorarazten diguna.

BIRA
Biktima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu