
BIRA
Bizitza
Egunero gertatzen da, baita abuztuan ere. Ordulariek abuztuan apaltzen dute abiadura, diskretuki, erloju-konpontzaileak ez kezkatzeko moduan, baina zuk denbora pittin bat gehiago edukitzeko bestean; basoan zaldi batekin topo eginez gero, begiradari hamar, hogei, berrogei segundoz eusteko bestean. Urtean zehar kukuka ikusi duzun lagunarekin terraza batean jarri eta benetako «zer moduz zabiltza» bat galdetzeko lain apaltzen dute abiadura. Hondartzan, eguzkitan lehortzen ari zarela, haizetxoak oilo-larrua jarri dizula ohartzeko bestean. Gaupasatxo bat egin eta bigarrena hastear zaudela, «atzo» eta «gaur» bereizten ez dituzun une horietan mantsotzen da denbora. Belarretan etzanda zomorrotxo bat, edo eskutxo bat, izterrean gora datorkizunean. Orduan, nahi gabe, inguratzen zaituen guztiari diminutiboak jartzeko lizentzia hartzen duzunean: istriputxoak, eta erasotxoak, eta gerratxoak... Norbaiti ipuintxo bat kontatzeko lain apaltzen dira erlojuak, adibidez, egunabarrarena: zelan bidaiari batek tren bat hartu zuen, mendi magal batetik pasatzen zenean, egunabar ahaztezin bat ikusiko zuela kontatu ziotelako. Egunsenti hari buruzkoak irakurtzen eman zuen gaua, zer argazki aterako zizkion pentsatzen... Eta loak hartu zuen. Eta ez zuen egunabarra, bizitza, ikusi. Pasatu al da?, galdetu ei zion goizean alboko pasaiari; zergatik ez nauzu esnatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu