Josey Willer, Kanadako Sucker Creek tribuko nerabe indigena. Urteak zeroatzan buruko eta masailezurreko min kronikoak jasaten eta 2014an, ortodontzia bat jartzeko agindu zioten medikuek, hala egin ezean, jateko eta hitz egiteko zailtasun handiak izango zituela aurreikusita. Familiak erreserba indioetan bizi diren herritarrei zuzenduriko laguntza programa batera jo zuen tratamenduaren gastuak (4.100 euro) ordaindu ahal izateko. Ordea, osasun-sailak ez zion nerabearen egoerari hain larria iritzi eta ez zien eskaria onartu. Willertarrek, beraientzat debalde diharduen abokatu baten laguntzarekin, hainbat errekurtso aurkeztu dituzte harrezkero eta prozesua zabalik ei dago oraindik. Bien bitartean, gobernu federalak 75.000 euro xahutu ditu eskaria ukatzeko tramite legaletan (18 neraberi ortodontziaren tratamendu osoa ordaintzeko adina diru).
Zail izaten da horrelako neurrigabekeriaren bat gertatzen denean zerk huts egin duen argitzen; zenbateraino den hutsa sistemarena (diru-laguntza horiek jasotzeko eskatzaileek bete beharreko baldintzena, esaterako), eta zenbateraino pertsonala (Willertarrei eskaria egin zutenean laguntza onar ziezaieten nahi zuen bulegariren bat tokatu izan balitzaie, bestela bideratuko ote zuten prozesua?). Bietarik izango du, hainbatean, kasu honek ere. XIX. mendeko gaitz kroniko hedatuenetakoa baita burokrazia.

BIRA
Burokrazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu