Arnaldo Otegik bere Madrileko auzian errana agertzen da Europako egunkari zibernetikoen orrialdeetan: biolentziaren erabilpena baztertzen dugu proiektu politiko bat indarrean jartzeko. Brian Currin hego afrikar legegizona, han eta hemen zinpurtzen da Euskal Herrian -ala Euskadin soilik?- baketzerako solasaldiak hasi daitezen, baina espainol gobernua oraindik ere gor dagokio. Elkor-hizketa bederean bete-betean dabil.
Gaztelako alderdi politikoek aho batez, duela zenbait urte Batasuna eskumikatu zuten, harek huts utzi hondamendiaren erdian bermatuz boterearen hartzeko. Zapatero gaur egun ez da damutzen: armen baldintzarik gabeko betirako abandonatzea eskatzen dio azken hilabeteotan tregua edo menia zehazteko laupabost bider agiriekin plazaratu den erakunde klandestinoari. Lehen milenarioar mugetara eramaten nau istorio honek.
1070eko urteetako inbestituren haserrealdian Gregorio VII aita sainduak germaniar inperio sainduko Henri IV zaintsua eskumikatu zuen. Enperadorea ondorioz, Alpe elurtsuak nekez trabesatuz etorri zen Canossara, Erromako pontifexari barkamendu eskatzeko. Belauniko. Nehoiz ez zen errege bat hainbestetaraino umiliatu.
Badukegu guk ere gure Canossa, baina non?
Canossa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu