Bizkar gogorreko abere horiek biziaren katebegi zaharrenak dira: ingurua galdekatzen dute maskorraren azpitik mutur luzea eta lau zango agertu orduko. Urean eta lur gainean dirauten erreptilioak dira. Galapago uharteetako hondartzetan herrestan dabil oraino duela bi milioi urte sorturiko planetako dortokarik handiena. Belarrez, landareez, frutaz, hilikiez elikatzen dira… bai eta han-hemenka atzematen dituzten elementu plastikoz ere.
Ozeanoaren azalean flotatzen duen hondarkin plastiko geruza hazkurri bihurtua da itsas faunarentzat. Plastiko sakratuak zortzigarren kontinentea osatzen omen du, argirik gabeko sakonetan eta korronte zutabeetan ausarki aurkitzen delarik. Jaten ditugun arrain gehienek jada partikula plastikoz kutsatua dute gorputza. Halatan, itsas-dortoka berde bakoitzak ping-pongeko hamar pilotaren heineko plastiko masa darama bere sabelean.
Naturaren zaindariek eta zientifikoek dortokak hobekiago zaintzera edo babestera deitzen dituzte arduradun politikoak, eta ororen gainetik, plastikoaren erabilpena derrigor murriztera… baina ez dut uste hori gure agenda kolektiboen lehentasunetan dagoenik.