Tarifarrak kalera atera dira udalak eraikuntza enpresa batekin egindako hitzarmenaren ondorioz, herriko hiru eskola mugituko dituelako lekuz. Amaitzear dagoen uda honetan, manifestazioak egin dituzte Mallorcako hondartzetan. Bertakoentzako lekua eta bertan bizi ahal izateko aukera aldarrikatu dituzte. Bartzelonan masifikazio turistikoaren eta gentrifikazioaren aurkako mugimenduak handitzen ari dira. Donostiarrek behin eta berriro salatu dute turismoak bidali egiten dituela Donostiatik.
Guri berdin digu, dirudienez. Entzun dugu museo bat egiteko aukera dagoela gure eskualdean eta esan digute ez dakit zenbat bisitari etorriko direla urtero, eta hasi gara apartamentu turistikoak egiten, tabernak jarri ahal izateko lokalak erosten, ezertarako erabiltzen ez dugun lurraren balio berria kalkulatzen... Lagun batek esaten dit pobrea naizelako kexatzen naizela gauza horietaz. Litekeena da. Dirua dirua baino ez da, ordea. Norbera bizi den herrian duin eta ondo bizitzea gauza ederra da. Eta gentrifikatutako lekuetan gaizki eta baldintza duinik gabeko lanetan bizi direnak ez dira turistak izaten, bertakoak baino.