Bira

Edo

Itxaro Borda
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Zero arriskurik ez dagoela errepikatzen digute etengabe. Laino irratiaktiboa, lur ikarak, osasuna, elgeen eta kabalen kutsadura. Horrela ikusten ditut, oinez nabilenean, haurride laborariak onkailuak hedatzen, muturrean maskara gerizatzailerik gabe. Arranguratzekorik ez omen da, batek pestiziden ala belarzidengatik minbizia ukan arte. Ondorioz ez da neurri berezirik hartzen norbait zendu artean. Masa akritikoa eskatzen da. Eta oraino zaila da herioaren zioa eta bizimodua jostea auzitegietan.

Zikinkeriaz hordi gaude. Aspartama. Bifenol A. Nahasle endokrinikoak. Dioxida. Monoxida karbonikoa. Laborantzarako molekula kimikoak. Janarietako gehigarriak. Zartagina zolako teflona. Debekatzear duten tabakoa, ironiaren zorteaz, zerrenda horretan ekai natural antzera agertzen da. Beste guztiak zilegi baino zilegiagoak dira. Multinazionalen eta botereekin uztarrian dabiltzan laborategi pribatuen interesak kontsumitzaile bilakatu jendeenak baino premiazkoak ditezke alaina.

Halaz... Eguneroko Dosia Onargarriaren irenstera gaztigatuak gara, kasu egin ala ez, ez baitugu guztia kontrolatzen ahal, kontserben edukiak letra txiki ulertu ezinez idatziak direlako eta guri bista laburtzen doakigulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.