Onintza Enbeita
BIRA

Ehiza

2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Migratzaile bat atxilotzen duenarentzat sari txikia, baina asko atxilotzen dituenarentzat handia: bost egun libre. Irungo komisarian gertatu da. Atzerritarren legea betearazteaz arduratzen den poliziak jarri omen du kartela, baina laster atera dira batzuk eta besteak pertsona bakarraren kontua dela azaltzera. Lehen esaten ziguten guardia zibilek arrisku plusa kobratzen zutela Euskal Herrira etortzeko, eta orain, borroka armatuaren aitzakiarik ez dagoenez, badirudi beste hobari batzuk bilatu beharko dituztela. Egia da polizien sindikatu batek salatu ei duela poliziaburua, eta politikariak, tartean Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, kontra agertu direla. Oso sinesgarria iruditzen zait kontua, hala ere. Pasaiako badian Komando Autonomoetako kideak tiroz josi ondoren, kuartelean ospatu egin zutela kontatu digute beti, eta Gernikan Ina Zeberio hil zutenean orduko Barne sailburuak Ertzaintzaren arrakastaz hitz egin zuen. Adibide bi baino ez dira, baina froga gisa balio dute migratzaileen kontrako jarrerak saritu daitezkeela pentsatzeko.

Polizia askotan oldartzen zaie zaurgarrienei: harroak dira behekoekin, eta otzanak goikoekin. Eta ez dakit zer den tristeagoa: hori dena hobariengatik egitea, ala ia uniformedun adina psikopata dagoela pentsatu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.