Onintza Enbeita.
BIRA

Ekaitza

2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ekaitza datorrela susmatzen dutenean animaliak aztoratu egiten dira. Eltxoak normalean baino astunago pegatzen dira gure gorputzetara, eta etxabereek aterpea bilatzen dute. Txakurrak mahaipean ezkutatzen dira trumoia datorrela barruntatzen badute, eta oiloek oilotegira egiten dute. Katuak gutxitan bustitzen dira eta ez daukate eguraldi iragarlerik haien usaimena ez denik. Basoa ere isildu egiten omen da ekaitza datorrenean. Animaliek euren jarduna gelditu egiten omen dute, eta isiltasun hori ekaitzak apurtzen du. Zergatik gara gu ekaitza datorrenean ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen duten animalia bakarrak. Eta ez naiz zirimiriaz eta zaparradez ari. Ekaitzen bat datorkigula pentsatzen dugun aldiro beti bezala jarraitzen dugu. Susmatzen dugu gure bikote harremanak ez doazela ondo, baina ez dugu ezer egiten elkarren ondoan ohera sartu eta lo egiten saiatu baino. Igartzen dugu norbait gezurretan ari zaigula dituen arazo mandoak ezkutatzeko, eta ez gara mugitzen. Ikusten dugu ume bat beti bakarrik, eta ez diogu parkera betikoekin joateari uzten gure umea ez bada bakarrik dagoena. Ezin dugula gehiago konturatzen gara, eta hala ere jarraitu egiten dugu. Zergatik gara gu ekaitza datorrenean ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen duten animalia bakarrak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.