Animalia berezia da ekonomista, hori nehork ez du ukatuko. Ongi ikusten ditu austeritate neurriak eta txaloka dabil gobernari zekenak zoriontzen. Halako gizaki bitxi baten hitzak irakurri ditut iragan asteko Bayrouren 2026ko aurrekontu zuri haien aurkezpenaren biharamunean eta zer pentsatua eman didate: bere iritziz, osasuna, irakaskuntza eta kultur alorren finantzaketen murrizketa larriek erakusten dute gobernua bide onean sartua dela, are gehiago deus egin gabe pagatuak diren erretretatuen gaineko balizko zerga edota langile alfer horien gaztigatzeko egutegietatik jai-egun bi ezabatzea aipatzen duelarik.
Nagusien sindikatuek, halaber, Bayrouren adierazpenak kuraiaz beteak aurkitzen dituzte, sorpresa bikainak direla diote, nahiz eta dakiten lehen ministroaren egunak kontatuak direla. Bihotzik eta elkartasun kolektibo sentimendurik gabeko mamutxa arraro hauek gainera, jakina denez, jendailaren oinarrizko aldarrikapenak hertsatuko dituzten botere politiko autoritarioak hobesten dituzte, faxismora makurtzen diren egitura malgorrek dirua egiteko orduan, egonkortasun benedikatu bat segurtatzen dietelako. Demokrazia aldiz, gaixoa, zalantzakorra da, herritar inozenteak uste du hitza berea dela eta egoera aldatzen ahal duela!